Determinismo biologiko
Determinismo biologikoaren arabera gizakiaren geneek giza portaera kontrolatzen dute. Soziologian, zientziaren filosofian eta biologian korronte honek garrantzi handia izan du historian zehar.
Determinismo biologikoak baieztatzen du bai jokabide arau partekatuak bai taldeen artean dauden desberdintasun sozial eta ekonomikoak sortzetikoak direla, eta beraz, gizartea biologiaren islada zurrun bat izango litzateke. Determinismo biologikoak paper negatibo bat izan du arraza, generoa eta sexualitatea bezalako kontzeptuak azaldu eta sortzerakoan.[1]
Determinismo biologikoa, determinismo genetiko bezala planteatzen da gaur egun, hau da, izaki bizidunen egitura genetikotik abiatuta hauen portaeraren azken erantzunak emateko aukera defendatzen duten teorien multzo gisa. Beraz, bai animalien bai gizakiaren jokabidea haien geneen biziraupenerako beharrezkoak izan diren formen ondorio litzateke, eta hau haien eboluzio prozesu hoberenari egokitutako gizarte sistema konplexuetara zabaltduko litzateke.
Adostasun zientifikoaren arabera gaur egun ez dago zientzia biologiko eta psikologikoetan determinismo biologikoa baieztatzeko froga zorrotzik. Ezaugarri fisikoak eta portaerak fenotipoak dira, biologiaren eta ingurumenaren arteko elkarreragin konplexuen emaitza direlako.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1889an, August Weismann biologo ebolutibo alemaniarrak herentziazko informazioa zelula germinalen bidez bakarrik transmititzen zela proposatu zuen bere germoplasmaren teorian, zelula horiek gene determinatzaileak zituztela baieztatuz. Francis Galton zientzialari ingelesak, okerturiko oina eta kriminalitatea bezalako ezaugarri ez desiragarriak heredatzen zirela suposatuz, eugenesia defendatu zuen, ustez akastunak ziren pertsonak ez ugaltzeko. Samuel George Morton mediku estatubatuarra eta Paul Broca mediku frantziarra garezurraren tamaina (garezurraren barne bolumena) azalaren kolorearekin erlazionatzen saiatu ziren, zuriak hobeak zirela frogatzeko asmoarekin. Beste zientzialari batzuk, hala nola H. H. Goddard eta Robert Yerkes psikologo estatubatuarrak, pertsonen adimena neurtzen saiatu ziren puntuaketa hauek heredagarriak zirela frogatzen saiatuz, berriro ere azal zuriko pertsonen ustezko nagusitasuna frogatzeko asmoarekin.[3]
Galtonek "natura eta hezkuntza" esaldia famatua egin zuen. Hortik aurrera esaldi hau askotan erabili izan zen geneek edo ingurumenak giza portaera zehazten ote zuten eztabaida sutsua planteatzeko.
E. O. Wilson biologo estatubatuarrak soziobiologiaren diziplina sortu zuen, intsektu sozialak bezalako animalien behaketetan oinarrituta, hauen portaera sozialari buruzko azalpenak gizakiei aplikatu ahal zitzaiela iradokituz.[4]
Determinismoari kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dago geneetan - Lewontin, Rose y Kamin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Determinismo biologikoa R.C. Lewontin, Steven Rose eta Leon J. Kaminek deuseztatzen dute No está en los genes (1987) lanean, Thomas Hobbesen (1588-1679) Leviatan-aren (1651) eta haren maxima ospetsuaren "homo homini lupus" zuzeneko oinordeko intelektual bezala: “gizakia otso bat da gizakiarentzat”. Hobbes, interes indibidualak kolektiboen gainetik jarriz, gizarte burgesaren oinarriak ezartzen lagundu zuen neurri handi batean, lehiakortasunean, egozentrismoan eta mesfidantzan oinarrituta; gertaera natural eta saihestezinak autore honentzat, haren arabera gizakiaren egitura biologikoak hala determinatzen duelako.
Determinismo biologikoa eta darwinismo soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pankaj Mehta Bostongo Unibertsitateko irakaslearen ustez, historia adibide beldurgarriz josita dago eboluzioaren teoriaren abusuaren bitartez, dominazioa eta desberdintasuna justifikatu izan dituztenak. Autore honen ustez, ikerketa genetikoen bitartez determinismo biologikoaren eta darwinismo sozialaren gorakada berri bat bizitzen ari gara. Autore honentzat genetika eta determinismoaren arteko harremana aspaldikoa da eta, adibidez, ikerketa genetikoko institutu garrantzitsuenetako bat, jatorri eugenesikoa izan zuena, Cold Spring Harbor Laboratory da. Aro genomikoaren hasiera bizitzen ariko ginateke Urrezko Aro (Gilded Age) berri bati batuta, non elite global oso txiki batek ( %1-a baino gutxiago, beste %99-arekin alderatuta) mundua menderatzeko boterea eta aberastasuna dituen, eta justifikaziorik behar ez duen arren, aurrekontu determinista genetikoak aipatzen dituena. Heredagarritasunaren kontzeptua erabilgarria da, baina bere definizioan erabilitako eredu estatistikoen mende dagoen abstrakzio bat da, honen azpian dauden premisa eta aurreiritziekin.
Heredagarritasunaren kontzeptua eta GWASak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pankajek horrela azaltzen du. Sekuentziazio genetikoan oinarritutako ikerketa berriek gizakien arteko antzekotasunak % 99,9koak direla erakusten dute, DNAren % 0,1eko diferentziekin, larruazalaren kolorearen, garaieraren eta gaixotzeko joeraren aldaketak azalduz. Ez dago zalantzarik geneen eta Mendelen legeek herentziari buruz ezarritako ezaugarri behagarrien arteko erlazioari dagokionez. Beraz, korrelazio argia dago informazio genetikoaren edo genotipoaren eta ezaugarri behagarrien edo fenotipoaren artean. Ingurumen-faktoreek eragin txikia dute ezaugarri mendeliar gehienetan. Hala ere, badakigu Mendelen legeak ezin zaizkiela aplikatu ezaugarri eta gaixotasun gehienei. Horrela, fenotipo ia guztiak gene anizkoitzen eta ingurumenaren arteko elkarrekintza oso konplexuetatik sortzen dira. Hau da, ezaugarri askorentzat ez dago genotipoaren eta fenotipoaren arteko korrespondentzia sinplerik. [5]
Genoma osoaren elkartze ikerketak (GWAS) arazo hori konpondu nahi du, eta populazioen genetika modernoaren oinarrizko elementu bat da. GWASen helburua aldakuntza genotipikoa aldakuntza fenotipikoarekin erlazionatzea izango litzateke, heredagarritasunaren kontzeptuarekin definitzen dena. Heredagarritasuna aldi berean, aldakuntza genetikoari lotu ohi zaion aldakuntza fenotipikoaren frakzio bat izango litzateke (heredagarritasuna zerokoa denean, aldaera fenotipiko guztia ingurumenekoa dela esan nahi du, eta aldiz heredagarritasuna batekoa denean, erabat genetikoa dela esan nahi du).
Richard Lewontinek adierazten duen bezala, arazoak populazioen aukeraketan daude:
Ingurumenaren izaera fisikoaren garrantzia bera organismoek determinatzen dute (...). Likido batean bizi den bakterio batek ez du grabitatea sentitzen, oso txikia baita (...), baina bere tamaina geneengatik determinatuta dago, eta, horregatik, bakterioaren eta gure arteko desberdintasun genetikoak erabakitzen du grabitatearen indarra garrantzitsua izatea guretzat.[5]
Adibide askotan, heredagarritasuna, geneei baino ingurumenari lotzen zaio gehiago. Esate baterako, adimen-kozientea (AK), non ikerketek erakusten dute AKren puntuazioetan gorakada luze eta iraunkorra izan dela XX. mendean zehar (Flynn efektua deritzona). Horrek agerian uzten du ingurumenaren eraginak garrantzi handia duela genetikarekin alderatuta, AKren determinazioari dagokionez.
Neoliberalismoak egindako determinismo biologikoaren erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pankajen ustez, Genoma osoaren elkarketa azterketak -altuera azaltzeko ere gai ez dena- ez zuen arrakastarik izan. Baina hala ere determinista biologikoak egoskor agertzen dira eta uste dute etorkizun batean, agresibitatea edo lehentasun politikoak, adimena bezalako ezaugarrien bitartez azaldu ahalko dutela, nahiz eta hauek denbora mailan aldakorrak eta kuantifikatzeko oso zailak izan.
Determinismo biologikoa behaketa zientifiko gisa ulertu ohi denez onargarria dela iruditu dezake –gainera, inork ez du zalantzan jartzen organismo baten osagai oinarrizkoenak bere material genetikoan kodetuta daudenik ezta eboluzioak gene horiei forma eman diela aldagarritasun eta hautespen genetikoaren konbinazio mota baten bidez–, baina hala ere, gizakiaren portaera azaldu nahi izatea zentzugabea da argi eta garbi. Nigel Goldenfeldek eta Leo Kadanoffek sistema osoan azaleratzen diren propietateak ulertzeak duen garrantzia nabarmentzen dute, aldi berean maila baxuko azalpenak deuseztatuz, hala nola sistemen teoria. Izaki bizidunen propietateak ezin dira geneetara murriztu. Beste eremu batean, Engelsek[6] eta Karl Marxek iritzi bera izan zuten kantitateari eta nolakotasunari dagokionez; hala, Marxek adierazi zuen, puntu batetik aurrera, aldaketa kuantitatiboak aldaketa kualitatiboak izatera pasatzen direla.
Gaur egun, enpresa handiek etekin handiak lortzen dituzte, eta elite txiki batek aberastasun handi bat bereganatzen du, desberdintasun maila ia Urrezko Aroko (Gilded Age) mailetara iritsiz . Pankajen arabera kapitalismoaren eta kapitalismo neoliberalaren kontraesanak gero eta nabarmenagoak dira; ez dago aukera-berdintasunik, ez meriturik, ez eskubide demokratiko errealik. Hortaz, kapitalismoak sortutako zibilizazio kontraesanen berri emateko azalpen zientifikoak ematen dituen determinismo biologikoa agertzen da. Azalpen guztiak genetikara mugatzen badira – nahiz eta hori egia den alderdi batzuetan–, orduan ez dugu pentsatu behar arrazoi sozial, ekonomiko, politiko eta abarretan.[5]
Pankajek dioenez, iada Roberto Schwarz literatur kritikariak determinismo biologikoa gizartean beharrezkoa den ilusio bat dela adierazi zuen, itxura hutsean ondo oinarrituta dagoena. Eta artearen eta literaturaren antzera, zientziak bere existentzia sortzen duen prozesu soziala isladatzen du. Zientzialariek bizi diren eta lan egiten duten gizarteetako aurreiritziak heredatzen dituzte.[5]
Pankajen arabera, hau determinismo biologikoaren egikaritze modernoan ematen dela oso agerikoa da. Gizakiei eta gizarteei buruzko bere suposizio erabat neoliberalekin, planteamendu honen gailurra da. Genetikaren gehiegikeriak eta eboluzioaren teoriak -darwinismo soziala- dominazioa eta desberdintasuna justifikatu dituzte; esklabotza eta kolonialismoa, bortxaketaren eta patriarkatuaren azalpen zientifikoak eta agintean dagoen elitearen nagusitasun genetikoa ere. Balizko aro genomiko horretan, genetikak neoliberalismoaren gehiegikeriarik ez justifikatzea zaindu beharko litzateke.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Taylor, Verta; Whittier, Nancy; Rupp, Leila J.. (2007). Feminist frontiers. (7th ed. argitaraldia) McGraw-HIll ISBN 978-0-07-319608-4. (kontsulta data: 2025-02-19).
- ↑ (Ingelesez) Ridley, Matt. (2004). Nature Via Nurture: Genes, Experience and what Makes Us Human. Harper Perennial ISBN 978-1-84115-746-7. (kontsulta data: 2025-02-19).
- ↑ Allen, Garland E.. (1984). «Essay review: The roots of biological determinism» Journal of the History of Biology 17 (1): 141–145. doi:. ISSN 0022-5010. (kontsulta data: 2025-02-19).
- ↑ (Ingelesez) May, Robert M.. (1976-04). «Sociobiology: a new synthesis and an old quarrel» Nature 260 (5550): 390–391. doi:. ISSN 0028-0836. (kontsulta data: 2025-02-19).
- 1 2 3 4 (Gaztelaniaz) admin. (2014-03-09). «El resurgimiento del determinismo biológico en la era neoliberal» www.sinpermiso.info (kontsulta data: 2025-02-19).
- ↑ Peña, Lorenzo. (1984). «Engels y las nuevas perspectivas de la lógica dialéctica» Estudios sobre filosofía moderna y contemporánea, 1984, págs. 163-218 (Centro de Estudios Metodológicos e Interdisciplinares): 163–218. (kontsulta data: 2025-02-19).